XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrela dabilenean, untxi batek ere ezin dezake harrapa.

Arriskugarria ote den? Ezta pentsatu ere.

Nahikoa da mendia beste sentiduan inguratzea eta orduan hartz jauna salduta gelditzen da, hanka luzeak goitik eta motzak behetik dituela.

Oso animalia berezia da, baina ez nizuen horretaz hitzegin nahi.

Yukon gainean bada beste mota bat hanka berdinak dituena.

Hartz nabarra eta mutur-soila esaten diote, eta gaiztoa bezain handia da.

Horregatik, ez duzu indiorik ikusiko ehize horien bila.

Gizon zuri tentelen bat, izatekotan ere.

Gauza bat bakarra esango dizut hartz mutur-soilari buruz: ez duela atzera egiten inoren aurrean.

Zuregana datorrela ikusten baduzu eta zeure bizia estimatzen baduzu, hartzazu beste bide bat.

Bestela, edozer gauza gerta daiteke.

Bidean Jehovah bera topatuko balu ere, ez pentsa baztertxo bat utziko liokeenik.

Egia esateko, animalia ziztrin eta berekoi bat da.

Baina garai hartan ez jakin nik horrelakorik ezer.

Herrialde hartara iritsi nintzenean, ezjakin hutsa nintzen hartz kontuan.

Halako batean, lurralde hartan finkatu ginenean, mendira joan nintzen urki-adar baten bila, aizkora-kirten bat egiteko.